- Iazko etenaldiaren ondoren, aurten Durangoko Azoka ateak ireki ditu berriz ere BaDa lemapean. Neurriak neurri eta mugak muga, Nafarroako argitaletxeek ez dioten hutsik egin Euskal Herriko sorkuntza kulturalaren hitzordu nagusiari, inolaz ere. Pamiela, Igela, Katakrak, Denonartean, Txalaparta eta Nabarralde Fundazioa bertan egonen dira, urteko uztaren onena jendartzeratzen.

Bertako eta kanpoko egileak, eleberriak, poesia edo haur literatura. Pamileakoen txokoan denetarik aurkituko du bisitariak aurten. Argitaletxe nafarrak itzulpenaren aldeko apustu argia egin du berriki plazaratutako Irene Vallejoren Infinitua ihi batean (El infinito en un junco) eleberriarekin, Fernando Reyk itzulitako 500 orrialdeko eleberri mardula. Baina, batez ere, etxeko txikienek izanen dute zer aukeratu Pamielarenean. Alde batetik, duela gutxi argitaratutako Dorotea liburu ilustratua, Etxepare sariketan garaile suertatu zena, Amaia Egidazuk idatzi eta ilustratutakoa. Aldamenean, Desioa. Ata Pank eta Ate Punky izango du. Bernardo Atxagak idatzi eta Mikel Valverdek ilustratutako sailaren bigarren alea da, bi ahate "bitxi, lotsagabe, ahozikin eta tontorroi xamar" dituenak protagonista bezala. Eta nobedade deigarrienen artean, haurrentzako poesia liburu bat: Barruko hotsak, Leire Bilbao idalzeak eta Maite Mutuberria ilustratzaileak sortua.

Itzulpenen argitaletxeak klasiko handien aldeko apustu argia egin du azken aldian, Durangoko azokan pisu nabarmena izanen duten izenburuak. Alde batetik, Agatha Christieren Orient-expresseko hilketa eleberria. Egile britainiarraren jarrai-tzaileek aski ongi ezagutuko duten misteriozko eleberria oraingoan euskaraz irakurtzeko parada ezin hobea. Eta harekin batera, literatura unibertsaleko pertsonaia ezagunetako baten sortzailea: Arthur Conan Doyle. Sherlok Holmesen sailari ale bat gehitu dio argitaletxeak oraingoan: Sherlock Holmesen memoriak.

Iruñeko argitaletxeak ale interesgarriak gehitu dizkio aurten bere saiakera bildumari. Alde batetik, Silvia Federiciren Larruazalaren periferiaz haraindi, Amaia Astobizak itzulita, non pentsalari feministak generoaren eta identitate politikoaren inguruan hausnartzen duen. Generoaren gaitik aldendu gabe, Leslie Feinbergen Borrokalari transgeneroak eramanen du Katakrakek Durangora, aurten argitaratu duen azken nobedade azpimarragarrienetakoa. Bertan, Feinbergek (Mari mutil baten bluesa), kultura ezberdinetan izan den 'trans' errealitate ikusezina agerira ekartzen du. Fermintxo Zabalzak itzuli du argitaletxeak plazaratzen duen Feinbergen bigarren lan hau ere. Katakraken beste nobedade azpimarragarrienetako bat Antonio Gramsciren Kartzelako gutunak izango da, pentsalari italiarraren filosofian murgiltzeko lan ezinbestekoa.

Haur literaturaren aldeko apustu argia erakutsiko du bere erakusmahaian Denonarteanek. Alde batetik, Xabier Olasoren Esna irauteko ipuinak. "Ipuin laburrak eta biziak biltzen ditu liburu honek, ipuin irudimentsu eta iradokitzaileak; denak ala denak ere, esna irauteko ipuinak dira". Ez da bakarra izango. Argitaratutako lan azpimarragarrienen artean, Donald Navas eta Raquel Samitierren Basajaun eta munduko beste iletsu batzuk; eta Yolanda Arrietaren Zerak, fantasia eta pentsamendu magikoa "barruko zerak azalera-tzeko" baliatzen duen kontakizuna.

Pentsamendu kritikoa elikatzeko erakusmahaia prestatu du aurten argitaletxe nafarrak. Jacob. Gaueko langilea (Matz eta Chemineau), Alexandre Jacob desjabetzeen ekintzalearen "ezohiko bizitza" kontatzen duen lanetik hasita, Suak eta hautsak Hartzea Lopez Aranaren saiakera liburura, non XX. mendeko bigarren erdiko Frantziako herri mugimenduen eta borroken historiari errepasoa egiten dien. Tartean, Poltsiko bildumako azken bi aleak ere aurkituko ditu bisitariak : Askatu edo moztu, Nora Salbotx Alegriarena, non "euskal hezkuntzagitzaz" solas egiten duen, hain zuzen "bizirauteko behar gorrian sortu, bulkada komunitarioan hazi eta gaur egunean mehatxu eta erronka berriei aurrez aurre" begiratu beharko dien hezkuntzaz; eta Jan eta jabe, Tasio Erkizia Almandozena. Azken honetan, elikadura sistema eta politikaren dimentsioa norainokoa den aztertzen du egileak.

Nafarroako historiaren berreskurapenean jarduten duen fundazioak lan interesgarriak plazaratu ditu aurten. Alde batetik, bere komiki bildumari ale bat gehituz, Benjamin Tuterakoaren bidaia aparta, Mikel Begoñak idatzi eta Iñaketek ilustratutakoa. Halaber, gai zehatzetan murgiltzen diren bestelako saiakera lanak ere plazaratu ditu aurten: 1620, Noain 1521, Nafarroako erresumaren inbasioa... Gure historia ezagutzeko ezinbestekoak.