Jardunaldi bat antolatzen ari zara, edo argitalpen kolektibo bat abian jartzen. Euskal idazle bat behar duzu, edo euskal intelektual bat, edo irakasle bat -hemendik aurrera, laburbiltzearren, EI bat-. Euskalgin-tzaren, herrigintzaren, administrazioaren edo agian pixka bat guztiaren parte zara. Hona jarraitzea komeniko litzaizkizukeen zenbait aholku praktiko.

1.- Garaiz luzatu proposamena, nahikoa denborarekin: 32.000 karaktereko testu bat edo hitzaldi guztiz berri bat bi aste barrurako/etzirako/atzorako enkargatzea ez da ideia onena izaten, eta epea zehazten duen zure mezua jasotzeak aztoramenduren bat eragin diezaioke EIari.

2.- Saiatu eskaera EIaren profilera egokitzen, ahal den neurrian: EIak, uste zabalduenaren eta irratiko edo telebistako tertuliek erakusten dutenaren kontra, ez dira beti gai edozein gauzari buruz aritzeko -are gutxiago etzirako bada-. Eta, ez ahaztu: gezurra iruditzen bazaizu ere, hitzaldi bat, artikulu bat edo ipuin bat idazteak lanak ematen ditu, batez ere ondo burutu nahi badira.

3.- Ez haserretu EIak, dena delakoagatik -agian 1. edo 2. puntuan zehaztutako arrazoietako batengatik, edo biengatik-, ezezkoa ematen badizu. Edo, ados, sumindu, baina ez erakutsi. Eta, ondoren, erantzun iezaiozu sentitzen duzula, eskerrik asko eta hurrengora arte, hots, adeitasun apur batekin, eta ez ohiko euskal lehortasunarekin. Hitz gakoa hemen -apuntatu- jendetasuna da.

4.- Ez izan -horren- egiatia: ez duzu zertan EIa informatu aldez aurretik ezezkoa eman duen beste EI baten eskutik iritsi dela zure proposamena, eta are gutxiago beste baten ordezkoaren ordezko izateko jo duzula, azken buruan, harengana. Modu horretan, ziurrenik, pozikago emango dizu baietza: EIek, askotan, fikzioekin lan egiten dute, eta fikziozko mundu batean bizi nahi dute, eta beren merituengatik deituak izan direla sinetsi.

5.- Aurreko aholkuari jarraiki, emaiozu EIari kariño apur bat, are koipe pixkatxo bat; utzi berriz ere albo batera euskal estilo siku hori. EIa senti dadila, une batez sikiera, estimatua, are ezinbestekoa; horrek ere lagunduko dizu haren baietza eskuratzen. Hitzaldi aretora heldu eta lau katu ikustean -edo eskatu diozun testuaren zabalkuntza benetakoaz jabetzean-, itzuliko da errealitatera, lasai egon.

6.- Ez izan beldurrik diruari buruz hitz egiteari, edo diru ezari buruz hitz egiteari; lana eskatzeko deitu badiozu, esaiozu zerbait ordainketari buruz, arren. EIa, oro har, ohituta dago euskalgintzaren estutasunetara, eta, gauzak ondo azalduz gero, agian prest egongo da, askotan, lana diru gutxiren truk edo are debalde egiteko -batez ere 5. puntuan iradokitakori eutsi badiozu-. Baina gutxienez saiatu bidaia ordaintzen: ez egin diruaz hitz egitea dotorea izango ez balitz bezala. Badakigu EI gehienek beste nonbaitetik ateratzen dutela irabazpidea, ze erremedio, baina bada horretaz bizitzen saiatzen den jendea, eta haiekiko begirunez, sikiera, diruaz argi eta garbi aritu beharko zenuke.

(Oharra: askotan idazleok gara antolaketa-lan horietaz arduratzen garenok, eta, ondorioz, aholku hauek, ezer baino lehenago, autoaholkuak dira, egindako hanka-sartzeen eta itsuskerien zeharkako aitortza eta, aurrerantzean, on-tzeko asmoaren erakusketa).