Joan den larunbatean Esteribarko Euskararen Jaia ospatu zen Zubirin, eguraldi txarrak baldintzatuta. Hori dela eta, bigarren urtez, bertan behera geratu zen Larrasoañatik Zubirirako ibilaldia, gainontzeko jarduerak aurrera eraman ahal izan zirelarik. Goizean gaitarien dianak ibili ziren Zubirin barna, eta Kantuz Esteribarrek eta Esteribarko Fanfarreak giroa alaitu zuten hamaiketakoan.
Haurrek Dindaia taldeak antolatutako jolasetan parte hartu zuten frontoi zaharrean. Bertan, bazkaltzeko 120 lagun inguru elkartu ziren eguerdian. Amaieran, Esteribarko Konboaren eta Leinu Erromeriaren kontzertuak burutu ziren. Antolatzaileek auzolanaren eta herritarren parte-hartzea nabarmendu zuten.