amaiur - Duela 11 urte Amaiurren ospatu zen Urdazubi, Zugarramurdi eta Baztango herrietako eskolen besta. Geroztik, urtez-urte, inguruko herriek txandakatuz antolatu dute ospakizuna, eta atzo berriz ere Amaiurrek hartu zuen ospakizuna antolatzeko lekukoa. Aipatu behar da inguruko ikastetxeen besta gero eta jendetsuagoa, gero eta arrakastatsuagoa eta osatuagoa dela, eta dagoeneko Baztan eta Xaretan aski errotua dagoen besta dela. Bertaratutakoek ongi pasatzeko, dena ongi antolatu behar izaten da eta atzokoan amaiurtarrek ederki bete zuten beren zeregina, bertze behin erakutsi zuten halako hitzorduak antolatzeko orduan herritarrak laguntzeko prest daudela eta lanak banatzeko ohitura handia dutela, auzoanean hain ongi ohituratutako herria izaki.

Herri sarrerako belardi batean atondu zuten parkinga betetzen hasi zen goizean goizetik. Eguraldi onak lagunduta, jendetza hurbildu zen Amaiurrera. 10.00etan egina zuten hitzordua herriko plazan, eta bertan burutu zuten harrera ekitaldia. Gero, oinez abiatu ziren denak elkarrekin, eta herrigunetik ateratzerakoan, multzo handia bi ttikiagotan banatu zen, izan ere, bi ibilaldi eskaini zituzten aukeran, bat murritzagoa ttikienendako, eta bertzea luzexagoa, 7 kilometro ingurukoa. Amaiur inguruko parajeetan barrena ibili ziren Urdazubi, Zugarramurdi, Amaiur, Azpilkueta, Erratzu, Arizkun, Lekaroz, Gartzain, Irurita, Arraioz, Oronoz-Mugaire, Ziga eta Almandozko ikasle, guraso eta irakasleak, baita hainbat herritako bizilagunak eta inguruko bertze ikastetxe batzutako ikasle eta gurasoak ere. Ibilaldi zoragarriak prestatu zituzten herritarrek eta bisitariek gozatu egin zuten Amaiur inguruko oihan eta bide xendetan barrena. Eguerdi partean Gezemendiko borda aldean elkartu ziren bi ibilbideetako multzoak eta bertan gosaldu zuten; batzuk etxetik ekarritakoa, bertze batzuk, amaiurtarrek jarritako postuan eskainitako pintxo edota taloak. Bitartean, Amaia Elizagoienen eskutik ipuin kontaketa saio eder batekin gozatzeko aukera ere izan zen. Gero, herrira itzuli ziren denak, oinez.

Ibilbideak burututa, gosetutako partaideak pilotalekuan elkartu ziren, bazkari autogestionatuan parte hartzeko. Dena den, aurten berrikun-tza gisara, nahi zuenak, amaiurtarrek prestaturiko paella jateko aukera izan zuen eta 300 lagun inguruk aukera hori baliatu zuten, maisuki prestaturiko platerkada ederrak janez bazkaldu zutelarik.

Bazkal ondoan, haurrendako ekitaldi desberdinak izan ziren, puzgarriak, zurezko jokoak, rokodromoa, zaldi ibilaldiak eta haurrendako herri kirol proba konbinatuak. Ederki gozatu zuten denek arratsaldea ere, jolasean eta solasean, DJ JJ Bordariren musikak alaituta.

E gun ederra igaro zuen atzo Amaiurrera hurbildutako jendetzak. Ehundaka lagun elkartu ziren, eguraldi aldetik udako kutsua hartu zuen egunean. Aurtengoa pasa den arren, hurrengo urteko eskola ttikien bestako hitzordua finkatu zuten, Iruritan ospatuko da heldu den urtekoa.