lesaka - San Juan bezperarako ekitaldia antolatu du aurten ere Lesakan Euskara Batzordeak, Euskara, mingain dantza goiburupean. Sua piztearen eta adierazpena irakurtzearen ardura, Tantirumairu euskal folklore taldearena izanen da aurten.

Ekitaldiei dagokienez, igandean 19.30ean, hasita eginen da ekitaldi nagusia Plaza Zaharrean. Lesakako trikitilarien eta bertso eskolaren emanaldiaren ondotik, adierazpena irakurriko dute eta sua piztuko du aurtengo omenduak, Tantirumairu euskal folklore taldeak.

Lesakako Euskara Batzordeak hiru su piztuko ditu plaza inguruan (handia, ertaina eta ttikia) eta horietaz bakarrik arduratuko da. Segidan, Lesakako dantzak antzatzeko aukera izanen da Ezpatadantzari taldeko neska eta mutilek lagunduta, hauek Sanferminetarako prestatzeko saioa eginen baitute. 21.30ean herri afaria izanen da, norberak bere afariak eraman beharko du. Euskara Batzordeak mahaiak eta aulkiak jarriko ditu plazaren bueltan. Afaria etxean prestatu eta plazan denak elkarrekin batera afaltzeko modua izanen da, baita edariak eta bokatak eskuratzekoa aukera ere. Afariaren ondotik, opari batzuk zozketatuko dituzte. 21.30etik 23.30era dantzaldia izanen da Jeiki Hadi taldearekin.

Igantzin Igantziko Biltokik antolatuta, larunbat goizez, pilotalekuan, 11.00etan herriko pilotarien arteko esku pilota partidak jokatuko dituzte eta 12.00etan Mindara elkarteko gurpil-aulkietan palaz jokatzen duten pilotariak ikusteko aukera izanen da: Mikel Merino eta Joseba Lasa, Beñat Lizaso eta Jesus Matarranzen kontra. Frontoian Xorta artisau garagardoa dastatzeko aukera izanen da. 13.00etan poteo herrikoia eginen dute Lesakako Hurih taldearekin. Ondotik, Biltokiberfest bazkaria izanen dute elkartean: Xorta Nafar Pirinioetako artisau garagardoaren dastaketa, eta Hurih bikotea ere bertan izanen da bazkalondoa girotzeko. Bazkarirako apuntatzeko bazkideek Biltoki elkartean bertan egiten ahal dute eta bazkide ez direnek Igantziko estankoan eskura ditzakete txartelak 25 euroren truke Bazkalondotik Xorta garagardo-lotea zozketatuko dituzte. Igandean sua piztu eta astelehenean meza izanen dute San Juan Xarren. - A.A.A.