Paradisuaren ikonoa izan da beti irla hori. Surfaren erreinua, itsaso gardenek inguraturik, hodeiertz koloretsua ilunabarretan eta tenperatura epeleko urtaroak. Horiek izan dira irla horretan aintzinetik hona oporretarako koktel zoragarria osatu dutenak. Amets eskuraezina izan da askorentzat, hain urrun, hain eder, hain maitagarri ukelele soinuz gogoratzean.

Bada, Eden hori kiskalita izan da egunotan. Egunsentiaren eta ilunsentiaren kolore laranja horiek sugarrek pizturiko sute ikergarrien tonalitate beltzek hartu dituzte, desegin dituzte, jan dituzte. Imajina dezakezue? Irla batean zaudete eta salbazio bakarra itsasora botatzea da, lehorrean dauden tenperaturak jasanezinak baitira, zure inguruan dena erretzen ari baita, dena da sugar, dena da txinparta, dena bero goria.

Horrelako irudiak ikusten dira sare sozialetan. Jendea oihuka, uretan sarturik, zapi batek ahoa estalirik bertan dagoen keak ito ez dezan. Eta aurrez aurre, etxe guztiak sutan, demonio gorri bat dantzan egongo balitz bezala, garrez gar saltoka, dena erretzen duen bitartean. Ehunka hildako izan dira eta beste pertsona askok alde egin behar izan dute hondamendi horretatik. Adituen arabera AEBetako azken urteetako suterik izugarriena izan da, bai eta hilgarrienetakoa ere.

Kasu honetan, sutearen hedapena inoizkorik azkarrena izan da. Badirudi, barrualdean sortu zela, inguruko basoetan, baina egunotan, Dora urakana bertan ibili da gora eta behera, eta zoritxarrez fenomeno meteorologiko horrek sorturiko haize bortitzek sugarrak zirikatu zituzten. Kasualitateak batera etortzen dira beti, eta uda honetan sekulako lehortea pairatzen ari ziren irlan. Beraz, urakanak, sikateak eta su txiki batek minutu batzuetan infernu bat osa dezaketela baieztatu da.

Zehazki Lahaina izeneko herria desagertu da sugarren menpe, baina ez da herri bakarra izan. Klimak ezarritako osagai horiekin erraz piztu baitira han-hemenka beste foku batzuk. Irla osoa alarman dago. Larria da suak etxeak hondaturik eta zure ondasun guztiak desagerturik ikustea. Eta are larriagoa ingurumenari eragin dion kalte izugarria ere.