Ezagun batek esan berri dit Extremadurakoak ez duela gurearekin zerikusirik. Harrituta geratu naiz. Extremadura ez da Schleswig-Holstein izango, baina gaur egungo mundu zorionez edo zoritxarrez globalizatuan Alemaniako estatu federal urrun batean gertatzen direnek eta ez direnek (hauteskundeen emaitzez ari naiz) eragin zuzena izan dezakete “gurean”, zer esanik ez Espainiako Erresuman dagoen erkidego ez hain urrun batean gertatzen direnek. Txile, demagun, ezin urrunago dago, adibidez, baina han hautatu duten presidente berriaz, eskuin muturreko José Antonio Kast horretaz, asko hitz egin da “gurean”, gehienok uste baitugu afera kezkatzeko modukoa baita. “Gure” hori zer den ere zehaztea ez legoke gaizki. EAE? EAE gehi Nafarroa? Euskal Herri osoa? Egia da “gurean” Extremaduran ez dauden alderdiak ditugula, EAJ, EH Bildu, Geroa Bai, UPN, Euskal Herria Bai, egitura sozioekonomiko eta kultural desberdinak ez aipatzeagatik, eta hainbat lekutan (EAEn eta Nafarroan) alderdi horiexek dira gobernuetan daudenak (bide batez, Schleswig-Holsteinen ere badute gutxiengo danimarkar eta frisiarrak ordezkatzeko alderdi bat).

Extremaduran bezala, “gurean” ere sozialistak, popularrak eta hiztegi izena duen alderdikoak ditugu. Pentsatzekoa da batzuk (Andueza eta Chivite) buru nahasian kalkuluak egiten ibiliko direla oraintxe, ematen baitu Extremaduratik iristen zaizkigun haizeak ez direla oso sozialisten aldekoak. Eskuin espainolistakoak, aldiz, itxaropentsu egongo dira: gutxi duenari edozer iruditzen zaio asko.

Askotan errepikatzen da “gurea” eskuin muturraren aurkako gotorlekua dela (horixe bera sinetsi nahi dut nik), baina mundua istriborrerantz bira egiten ikusten dugunean zaila da baikorregia izatea. Frantziako Errepublikan Marine Le Pen edo antzeko bat presidente eta Espainiako Erresuman Feijóo (hiztegiaren lagunekin) gobernu-buru irudikatzea amesgaizto eta errealitate izan daiteke laster. Eta ez da ahantzi behar itsasontziak eskuinaldera egiten duenean, guztiok egiten dugula hara, konturatzen ez bagara ere.