Irango gerra laugarren astean sartzen ari zela entzun nuen joan den asteburuan irratian edo telebistan, eta bat-batean hotzikara moduko bat sentitu nuen, zeren, badugu eskarmentua, lau aste horiek lau hilabete edo lau urte izan baitaitezke ia-ia konturatu gabe, denborak eta gerrek elkarrekin dituzten jolas bihurri horiei esker. Analistek diote gerra ez aurrera ez atzera dagoela orain. Mintzatzeko era izango da, zeren Israelek aurrera egiten baitu lasai asko Libanoko hegoaldean, mugatik gertu dauden etxe guztiak banan-banan suntsituz. Zure etxea hor zegoela gogoratzea ñabardura txiki bat baino ez da.

Trumpek astelehenean bi eguneko epea ematen dio Irani Ormuzeko itsasartea irekitzeko, eta asteartean bost egunekoa, burtsan dituen negozioei etekina ateratzeko, mihi gaizto eta, ziur aski, ondo informatuek diotenez. (Bide batez, zergatik idazten da Ormuz hizkuntza batzuetan eta Hormuz beste batzuetan? Barkatu ortografiakeria, baina askotan arazoaren sakontasun beldurgarrian ez pentsatzeko, ergelkeria horietan galtzen dut denbora.) Bitartean hemen gerraren ondorioak nabaritzen hasi dira, ondorio ez larriegiak oraindik, han daudenek pairatzen dituzten ondorioekin egiten badugu konparazioa. Eslovenian erregaien errazionamendua abian jarri dute, Hego Euskal Herrian Pedro Sánchezen gobernuak hartutako neurriak ditugu eta EAEn Jaurlaritzak igarritako “industria-ezkutua”. Telebistetan misilak ikusten ditugu, suteak, hildakoak eta zaurituak, petrolio-ontziak eta erreportajeak, non Aste Santuko oporrak zenbat garestitu diren kontatzen diguten edo karabanen erabiltzaileei egindako elkarrizketetan kexak entzun behar ditugun.

Desatsegina deritzot nahasketa horri, baina, batek daki, agian horrela ozenagoa izango da “gerrarik ez” oihua gurean, agian horrela mundua nolakoa den hobeto ikasiko dugu. Trumpek dio negoziazioak hasi direla Iranekin. Iranek dena gezurtatu du. Israelek berearekin segitzen du. Hiru egun barru bosgarren astean sartuko gara, eta gutxi batzuek diru gehiago irabaziko dute