Jyldyzek 19 urte ditu, ez du metro eta erdi baino askoz gehiago neurtzen eta haur aurpegia dauka oraindik. Itxura samurra duen arren, kalashnikov zatikatu bat muntatu dezake minutu erdi eskasean. Barre artean kontatu du hori, baina ez da txantxa. Neskato hau gai da bere esku txikiez fusil bat armatzeko, hogeita hamar segundoan eta begiak estalita. Arrakastatsu gainditu du proba hori, besteren artean, orain dela egun batzuk, kadete hartu duen Kirgizistaneko polizia nazionalaren akademian. Bi maila gehiago gainditzen dituenean Poliziako kide izango da, bere aita eta mutil-laguna bezalaxe. Hain erreferentzia bikain eta nabarmenak izan arren, mutil-lagunaz gain beste inork ezin izan dizkigu Ak-Kula hipodromorako sarrerak doan lortu, Nouruz bezperaren (pertsiarren urte berria) aurreko egunean.
Jai handia da Nouruz kultura nomada duten herrialde askotan, baita Erdialdeko Asian ere, hala nola, Kirgizistan, Afganistan, Uzbekistan, Iran, Tajikistan, Turkmenistan edo Pakistanen. Udaberriko ekinozioarekin bat eginda, neguaren bukaera ospatzen dute eta aitzakia aparta hartzen dute familiartean jateko, vodka bapo egin arte edateko, ferietako atrakzioak bisitatzeko edo kalean kantuka eta dantzan ari-tzeko.
Guk geuk Ulak tartysh partida batera joateko aprobetxatu dugu eguna. Kok-boru ere deitua, Gengis Khanen garaiko joko epikoa da Ulak tartysh; zaldizko talde bi zaldi gainean lehiatu egiten dira bururik gabeko ahuntz baten larrua lor-tzeko. Jyldyzen mutil-laguna apustu-egile handia da txapelketa hauetan. Hain du gustuko, non sarritan hark berak antolatzen duen legez kanpoko lasterketaren bat edo partida klandestinoren bat.
Hurrengo egunean, Bishkek hiriburuko Ak-Kula hipodromoaren atean gaude. Kanpotik, zezen plaza baten giro eta itxura berbera du hipodromoak: fatxada zuria, dozena erdi masta banderak airean mugitzen, jendearen joan-etorria arku handiko sarrera izugarrian (nekazariak zein galaz jantzitako pertsonak biltzen dira). Barruan, harmailetara bidean, gozokiak saltzen dituzten saltzaile ibiltarien usainarekin nahasita, gorotz kiratsa antzeman daiteke, zaldien patio baten edo tauromakiaren ukitua ematen diona.
Harmaila goraino dago, baina Jyldyzen mutil-lagunari esker lehenengo lerroan gaude. Ez dira lekurik onenak, ikuskizuna zutik ikusiko baitugu; baina, ordainetan, zaldizkoak harmailen kontra jotzen ikus ditzakegu. Harean txistu egin dezakegu, gure parean dagoen nekazariak egiten duenez. Baliteke kontrako efektua ere sufritzea; alegia, zaldi ero baten adurra gureganaino heltzea. Ukondoez beste ikusleak astindu ditzakegu, baita zaldien irrintzia entzun, oihu egin eta nahi beste xaxatu ere. Apustu-egileen esku artean dabiltzan billete-sorten joan-etorriaren lekuko izan gaitezke.
Zaila da atzerritar batentzat joko honen arauak ulertzea; polo, futbol, errugbi, zaldi lasterketa eta saskibaloiaren arteko nahaste baten an-tzekoa baita. Zaldizko talde bi burua moztu dioten ardi baten hilotzaren lehian dabiltza, hegazkinlari errusiar edo kosakoen txano dibertigarriak jantzita eta pijaman diruditen kotoizko kamisetak soinean. Sarritan ikuskizuna kolpe eta irrintzi nahaspila baino ez da izaten. Ba-tzuek besteen kontra egiten dute abiadura handian, zaldiak bi hankatan jartzen dituzte, itzulipurdi handiak egiten dituzte eta borroketan nahasten dira.
Bat-batean, ardiaren larrua lurrera erori da. Orduan, zaldizko azkarren bat zaldiaren gibelaldetik eseki eta, estriboan oin bakarra duelarik, ia buruz behera, eskua luzatu eta ardia harrapatzea lortu du. Atzekoz aurrera zamalkatzen jarraitu du, eta, indar erakustaldi batean, zela gainera igo da, tentetu eta ardiaren pisu hila altxatu du. Bitartean, gainerako parte-hartzaileek jazartzen aritu dira, enbarazu egin diote eta trofeoa kentzen saiatu dira.
Orain “ardi-pilota” daukan zaldizkoak ihes egin du arrapaladan. Tarteka gida-uhalak ahoaz eusten ditu eskuak libre eduki ahal izateko eta, oraingoan bai, taldekide bati pasa dio ardiaren hilotza. Eramaile berriak estadio osoa gurutzatu behar du. Zelaiaren muturrerantz abiatu da ausart; han borobil ba-tzuk daude goialdean, hareazko pu-tzu baten antzeko gune erraldoi batean eta, kamioi pneumatikoak inguruan dituela, bertan sartu beharko du ardiaren larrua. Bitartean, jazarleak bera harrapatzen saiatzen dira, kanastarik egin ez dezan saiatuz. Lurrera botatzen ere saiatu dira. Harmailetako jendea oihu garrasika dabil, publikoa zora-tzear da.
Desesperatuta, zaldizkoak ardi hila putzura bota du. Ardiaren gorputz zati bat putzuan sartu da, eta badirudi epaileak puntua ontzat jo duela. Gure ondoan dagoen zahar bat protestan murgildu da kirgizistandarrez, oihu betean dabil, oso haserre; murduska eta madarikatzen jarraitzen du, hizkuntza guztietan unibertsala den zerbait esanez bezala: “Ez da gola izan! Epaile alu hori!”.