Emakume bidaiari amorratuak dira Irantzu Pastor (Lesaka, Nafarroa, 1985) argazkilaria eta Igone Mariezkurrena (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1985). Hain justu, euren zaletasunak, lanbideak eta kezkak proiektu berri batean urtu dituzte: gatazka egoeran dauden herrialdeetako emakumeenganako indarkeria islatu nahi dute. 2018an Palestinan izan ziren, eta ordutik Indian eta Hego Dakotan (AEB) izan dira jazarpenaren biktima izan diren emakumeen bizipenak eta argazkiak biltzen. Pandemia dela eta, proiektua egokitu behar izan dute.

Nondik abiatzen da proiektu honi ekiteko ideia?

Irantzu Pastor: Igone eta biok lehenagotik ezagutzen ginen elkarrekin egindako proiektu batetik. Proiektu hura bukatzerakoan beste bati ekiteko gogoa genuen, eta gaiari tiraka hasi ginen.

Igone Mariezkurrena: Gehienbat izan zen, argazkilari eta kazetari bezala genituen kezkak landu nahi genituela, batez ere emakumeekin eta generoarekin lotutako kontuetan. Eta, aldi berean, bidaiatzeko zaletasuna konpartitzen genuen. Proiektuarekin hasi ginenean, ez genuen oso argi zer zen nahi genuena. Emakumeek gatazka egoeran dauden herrialdeetan bizi dutena ikusi eta entzun nahi genuen, eta Palestinara egin genuen lehen bidai hori eta gero identifikatu genuen emakumeenganako indarkeria forma desberdinak ikusarazi nahi genituela. Hain justu hedabideetan, egunkarietan, telebistan azaltzen ez direnak, ikusezinak direlako edo ikusezin egin dituztelako.

Zeintzuk dira indarkeria ikusezin horren formak?

I.M.: Nahita edo nahi gabe, eta ikusi dugu gehienetan nahita izan dela, interes jakinengatik, ezkutuan gertatzen direnak dira. Hain zuzen ere, proiektu honen premisa da azaltzea indarkeria ez dela bakarrik fisikoa. Fisikoak ere biltzen ari gara, elkarrizketatu ditugun emakume gehienek beste indarkeriez gain, zoritxarrez, fisikoa ere jaso dutelako. Baina modu askotakoa izan daiteke: ekonomikoa, soziala…

I.P.: Emakumeak gizartetik baztertzea bera izan daiteke indarkeria. Azpiko engranajea esaten diogu horri, indarkeria ikusezina baita kasu horretan.

I.M.: Palestinan esaterako, orain asko egiten ari direna da gazteak kartzelaratu ordez, etxeko espetxeratzea agintzea. Emakumeek konta-tzen ziguten, eta askotan errepikatzen zen iri-tzia da, horren helburua zela amen eta semeen arteko harremana haustea, izan ere, ohartu gabe amak semeen kartzelari bihurtzen zirelako. Azkenerako, etsai bihurtzen dituzte. Halako moldeetan indarkeria fisikorik ez den arren, emakumeenganako indarkeria egon badagoela uste dugu.

Palestinan, Indian eta Hego Dakotan izan zarete oraingoz, zerk eraman zaituzte herrialde horietara?

I.P.: Lehenengo bidaian Palestinara joatea pentsatu genuen, ni aurretik egona nintzelako, eta bertako gatazkak Euskal Herrian izan duen oihartzunagatik eta elkartasunagatik, jendearekin harremanetan jartzeko errazagoa izango zelako. Gatazka historiko bateko errealitatea ere ezagutu nahi genuen, askotan en-tzun izan dugulako. Baina horren azpian zer dagoen ere jakin nahi genuen, emakumeek zer errealitate bizi duten. Emakumeek jasaten dutena beti da ikusezina eta horrelako gatazka batean azpian azpikoa izaten dira. Gatazkaren azpi-gatazkak identifikatu nahi genituen. Joan ginenean ez genekien nola egin ahalko genuen, haiekin biltzeko aukerarik izango genuen, argazkiak egiterakoan aurpegia agertzerik nahiko ote zuten edo ez…

I.M.: Indian izan ginen gero. Indiatik esaten da emakume jaiotzeko herrialde okerrena dela. GKE baten bitartez jarri ginen bertako emakumeekin harremanetan. Eta hain zuzen, bertan konturatu ginen arrazoi ekonomikoengatik, arraza edo kasta kontuengatik, besteak beste badela emakume izateko herrialde zaila. Aurretik irakurri bagenuen ere, bertan asko ikasi genuen, eta lan polita atera genuen bertatik.

Eta zer topatu duzue herrialde horietan?

I.P.: Palestinan, adibidez, gizon askok euren egoera dela eta, ezin dute lanik egin, edo oso baldintza prekarioetan aritzen dira. Horrek frustrazioa sortzen die, eta Isrealekiko duten amorrua etxean eta emakumeekin ordaintzen dute. Indian, bertako prostituzioaren aldaera asko ezagutu genituen: ikustera ohituago gauden prostituzioa, trafiko ilegalarekin lotutako kasuak, dantza tradizionalen ikuskizunen azpian prostituzio sare sendo bat zutenak…

I.M.: Beste batzuetan prostituzioa erlijioaren bitartez makilatzen dute, izan ere, tenpluetako emakumeak sare ilegalen barruan sartzen baitituzte. Gainera, ohartu ginen prostituten artean ehuneko oso altu bat, % 90a inguru, alargunak zirela. Jakin izan genuen alarguntasuna estigmatizatutako zerbait zela eta bazterkeria sortzen duela… Hijrak ere ezagutu genituen, Indiako konstituzioan onartuta dagoen hirugarren generoa. Nahiko paradoxikoa da, onartuta dagoen arren, baztertuak ere badirelako…

Emakume horien bizipenak bildu eta erretratuak egiteko arazorik izan al duzue?

I.M.: Guk elkarrizketatu ditugun emakumeak elkarteen bitartez ezagutu ditugu, nolabait emakumeen gaia lantzen duten sareen bitartez. Beraz, kasu gehienetan euren burua biktima gisa dutenak, baina egoerari buelta eman nahi diotenak dira. Horregatik badute hitz egiteko eta kontatzeko prestutasuna. Gurekin elkartu badira, izan da euren bizipenak partekatu nahi dituztelako eta uste dutelako hitz egitean ere badagoela ahalduntzea. Egia da bisitatu ditugun herrialdeak desberdinak direla euren artean kulturari eta erlijioari dagokionez, eta nik grabagailua erabiltzen badut ere, anonimotasun hori hor dago. Irantzuren kasuan, zailagoa izan du emakume batzuek argazkietarako aurpegia jarri behar zutenean.

I.P.: Egia erran, joan aurretik testigantza lor-tzeko arazorik ez genuela izango, baino argazkiak egiteko zailtasun gehiago jarriko zizkigutela aurreratu ziguten. Eta, momentuz, egin ditugun hiru bidaietan emakume bakar batek baino ez zuen aurpegirik eman nahi izan. Kasu horretan siluetekin moldatu ginen. Gainerako guztiek bai, onartu zuten argazkiak egiteko eskaera. Egia da konfiantzazko jendeak jarri gaituela harremanetan haiekin. Baina oso garrantzitsua da, era berean, konfiantza une hori sortzea; emakumetik emakumera izan dadila. Gure partetik ahalik eta duinen eta ahalik eta errespetu handienarekin tratatzen saiatu gara. Testigantza potente horiek haiengandik atera dira, eta gauza hagitz gogorrak en-tzun ditugu, baina haiek nahi zuten punturaino kontatu digute, betiere.

I.M.: Emakume gutxi batzuek ere galderak egin dizkigute guri. Hego Dakotako, Lakota komunitatean, esaterako bortxatua izan zen emakume gazte batek baldintza gisa jarri zuen gure galderetako bakoitzaren ostean beste bat egingo zuela berak. Eta horrekin batera mahaigaineratu zen baietz, emakumetik emakumera ari ginela, baina zer desberdina zen haien testuinguruan emakume izatea edo hemen Euskal Herrian, esaterako.

Konfinamenduak eta pandemiak bidaiak behin-tzat geldiarazi dizkizue, nola moldatu zarete proiektuarekin jarraitu ahal izateko?

I.P.: Urtean bidaia bat egin dugu orain arte, 2018an hasita. 2020an urtarrilean eta otsailean egin genuen Hego Dakotarako bidaia, eta gero dena gelditu zen. Azken bidaia horretako edukia han eta hemen argitaratzen ibili gara. Bi asterako kontua izango zena, azkenean asko luzatu da, horregatik, duela pare bat hilabete proiektua birplanteatzen hasi ginen. Hasieratik pentsatu dugu beharrezkoa zela gaia hemen ere, gure inguruan, lantzea. Azken finean, Euskal Herrian ere badaudelako indarkeria ikusezin asko, forma askotakoak. Ez genuen soilik atzerriko egoera salatu nahi, hemengoa zer ongi dagoen esaten genuen bitartean. Interesgarria da etxean dugunari begiratzea, hagitz urruti joan gabe.

Antzekotasunik eta desberdintasunik ba al da hemengo eta bidaietako bizipenen artean?

I.M.: Oinarrizko logika berbera da: pentsaera, gizarte eta jendarte egituratze matxista. Horrek gero forma desberdinak hartzen ditu, eta herrialde bakoitzeko errealitate kultural, erlijioso, ekonomiko eta klimatikoek baldintza-tzen dute. Espainiako kasuan buruan duguna jornalarien gaiarekin zerbait egitea da, baita etxeko langileekin ere. Hor ere faktore asko nahasten dira, izan ere, gehienetan emakume migratuak izaten dira.

I.P.: Ikusten ari gara egoera bidegabe guztietan, aunitzetan behe-behean dagoena emakumea dela. Tokian tokiko errealitatera moldatuta, baina, injustizia egoeretan istorioa beti etxean bukatzen da, eta etxean beti dago emakume bat.

Liburu bat osatu nahi duzue bildutako bizipen eta argazkiekin, ezta?

I.M.: Oso poliki dabilen proiektua da, eta epe labur-ertainera biltzen ari garen material guztia liburu formatuan argitaratu nahiko genuke, eta baita erakusketa batekin osatu ere. Bien bitartean, saiatzen ari gara egin ditugunbidaia bakoitzeko edukiak ahalik eta gehien destila-tzen, eta ahalik eta gai gehien aletzen. Hego Dakotaren kasuan egin dugun moduan erreportajeak osatzen ditugu, hori zabaltzeko asmoz.