Askok uste dutenaren kontrara, Euskal Herriko emakumeek etxean ez ezik, etxetik at ere lan ugari egin izan dute gerraostean: neskame, irakasle, espartingile, kontserbagile, saregin, industriako langile… ibili ziren han eta hemen. Isildutako eskuak izan dira emakumeenak, eta isildutakoak horien ahotsak ere. Jon Abril Olaetxea idazle nafarrak hamaika lanbidetan aritutako hamalau emakume elkarrizketatu ditu, eta horien kontakizunekin osatu du 'Isildutako eskuak' liburua, horien ekarpen sozial eta historikoa agerian utziz. 

'Isildutako eskuak' liburuaz hitz egiten hasi aurretik, onena esku horiek zeintzuk diren azaltzea izango da. 

Nolabait, gure gizartean nahiko isilean edo ezkutatuta ageri diren lanbideen, eta, batez ere, emakumeen lana da agerian jarri nahi izan dudana. Gerra ostean etxetik kanpo lanean aritu ziren emakumeen testigantzak dira jaso ditudanak. Liburuan, hainbat emakume eta lanbide agertzen dira; berez, askoz gehiago izan daitezke, baina hautaketa bat egin behar izan dut. 

Nola jaso dituzu lekukotasun horiek guztiak?

Emakume bakoitzarekin elkarrizketa bana egin dut. Lehenbiziko proiektua Tene Mujika sarirako aurkeztu nuen, bere osotasunean, eta saria eskuratuta, egitasmoa bera martxan jarri nuen. hamaika ofizio aukeratu nituen eta geografikoki banatu, ez delako gauza bera izan lan mundua, eta batez ere, emakumeena, kostaldean, Nafarroako Erriberan, Zuberoan, Bizkaiko Trapagaranen, hiri handi batean edo landa eremuan. Hiri handietan lan aukera gehiago egon da, eta landa eremuan, askoz ere gutxiago. Bere ezaugarriak kontuan hartuta, toki bakoitzak aukera ezberdinak eskaini ditu. Lanbide bakoitzarentzat emakume baten testigantza bilatu nuen; hala ere, kasu batzuetan, pare bat lekukotasun bilatu ditut berariaz; adibidez, kontserbagintzaren kasuan. Izan ere, ikusi egin nahi nuen ea Ondarroan eta Lodosan baldintza beretan aritu ziren lanean emakumeak. Hala, elkarrizketetatik abiatuta eta dokumentazio lana gehituta osatu ditut liburuko 11 atalak. 

Liburuko protagonistek nola hartu zuten zure proposamena? Kontatzeko nahia erakutsi al zuten?

Orokorrean, emakumeek gustura kontatzen dute, harrotasuna dutelako beraien lan bizitzarekiko, aukera bat izan zelako eurentzako etxetik kanpo lan egitea, oraindik hain ohikoa ez zenean. Baina, egia da, batzuetan, harritu egin direla; batetik, gaizki pasatu zutenen kasuan edo muturreko egoerak bizi izan zituztenen kasuan, ez dutelako oroitu nahi. Beste batzuek, aldiz, ez diote inolako baliorik ematen beraien istorioari, uste dutelako ez duela inolako garrantzirik. Dena den, ikuspegi oso batekin kontatu diedanean, eta pertsona anonimoen istorioak kontatzeak duen garrantzia azpimarratu diedanean, orduan ulertu dute eta erabat ireki dira beraien kontakizunetan.

Zuk zeuk, ostera, argi ikusi zenuen bazutela garrantzia beraien istorioek.

Hala da. Nik argi ikusi nuen mamia zegoela 2016an Neskatoak dokumentala egin nuenean. Izan ere, han hemendik ibili nintzen Baztan Bidasoatik Ipar Euskal Herrira lanean joandako emakumeen bizipenak kontatzen zituen dokumental harekin. Emakume asko joaten ziren ikus-entzunezkoa ikustera, eta beraien esperientziak kontatzen zizkidaten. Eta hor ohartu nintzen, batetik, emakumeek kontatzeko gogoa eta beharra zutela, eta, guk zor diegula kontakizun haiek entzutea, eta, bestetik, neskato lanbideaz haratago askoz ere gehiago bete zituztela. 

Ahaztuta al dugu emakumeek gerra ondoren lan egin zutela?

Lanbide batzuk seguraski berehala lotzen ditugu emakumeekin, beste batzuk arrotzagoak ditugu, eta badaude nahita ahazten ditugunak ere. Orokorrean, hori gertatu da emakumeek bete dituzten lanbideei beraiei ere garrantzia gutxiago eman zaielako, askoz soldata apalagoak izan dituztelako, askotan bigarren mailakotzat hartu delako emakumeen lana, eskubideak eurek ere ukatu zaizkielako, eta lan bera egiteagatik ere, oraindik orain, emakumeek gutxiago irabazten dutelako. Nik uste dut denaren nahastura bat dagoela; ahaztu dugu, ez dugu kontatu nahi izan eta oraindik ere lan merkatua sexuaren arabera banatua dugu; gizonen eta emakumeen lana asko bereizten dugu, eta soldata mailak ere hala banatzen dira neurri handi batean. Orokorrean, maskulinizatutako lanbideetako soldatak askoz handiagoak dira, feminizatutakoenak baino. 

Gerraosteko emakume langileen testigantzak jaso ditu liburuan. Ruben Plaza Etxabe

Lan egin zuten, baina borrokatu ere bai. Borroka horiek ere aski ezezagunak askorentzat.

Gogotik borrokatu ziren. Batetik dago, lantegian bertan borrokatu behar izan zutena gainerako lankideekin, ez bakarrik nagusiekin, baita lankide askorekin ere. Gehienetan gizonezkoekin, baina baita beste emakume batzuekin ere, horietako asko oso antzinekoak izan zirelako euren garairako eta ez zituztelako begi onez ikusten aldarrikapen horiek. Normaltzat hartzen zuten, esaterako, gizonezkoek lan bera egiteagatik gehiago kobratzea. Emakume langileek euren etxeetan eta familietan ere borrokatu behar izan zuten, adibidez, ezkondutakoan etxetik kanpo lan egiten jarraitu ahal izateko. Eta zer esanik ez, borroka sindikalean. Borroka gehienak beraien sindikatu bereko gizonezkoekin izan zituzten, eta euren aldarrikapenak bigarren mailan geratzen ziren sindikatuen baitan. Berebizikoak ziren emakumeen eskubideekin eta kontziliazioarekin lotuta egiten zituzten proposamenak. 

Garai hartan gertatu eta bizi zutenaren inguruko ezjakintasun handia dago gaur egungo gizartean? 

Ez dugu askorik arakatu etxeetan; ez dugu gehiegi galdetu, eta hau izan daiteke bide edo aitzakia bat, nolabait gehiago arakatzeko. Benetan badakigu ze baldintzetan lan egin behar zuten? Ze borroka egin zuten euren eskubideak aldarrikatzeko? Zergatik utzi zuten gehienek ezkondutakoan lana? Badago gogo hori ezagutzeko, eta batek baino gehiagok liburua aitzakia hartuta etxean galdetu du. Nik zortea izan nuen amatxirekin bizi nintzelako eta asko kontatu zigulako. Nahiko umea nintzen bera hil zenean, baina oroitzapen horiek gordeta geratu zaizkit, eta seguraski, bai dokumentala eta baita liburu hau horri esker ere posible izan dira. Memoria ariketa bat izan nahi du liburu honek, eta uste dut gure historia eta gure kontakizuna eraiki behar dugula. Beti gizonek kontatu dute historia eta gizonen begietatik ikusitakoa jaso dugu. Liburu hau gizon batek idatzia da, baina, gutxienez, fokoa emakumeengan jarri nahi izan dut, eta uste dut horretan gizonek badugula zer hausnartu. Emakumeak protagonista dituen liburu bat idatzi nahi izan dut, protagonismo osoa emakumeei emanez, historia beste modu batez kontatua izatea nahi dudalako. Injustizia ikaragarria egin izan da emakumeekin, eta batez ere emakume langile hauekin, eta, uste dut gutxienez, horrelako istorioak kontatzeak argitara ekartzen dituela emakumeek ere modu aktiboan parte hartu zutela. 

Isildutako esku horiek gabe, zer litzateke Euskal Herriko ekonomiaz, munduaz?

Kontuan hartu behar dugu emakume horiek gehienek lehenbiziko hamarkadetan, gutxienez, ez zutela kotizatu, beraz, nolabait ekonomia ofizialetik kanpo edo merkatu beltzean aritu behar izan zutela, gero horrek guztiak beraientzat izan zuen ondorioekin. Aldi berean, eurentzat ez ezik, familientzako berebizikoa izan zen beraien ekarpena, batez ere, 40ko eta 50eko hamarkadetan. Pentsa behar dugu ia 60ko hamarkadara arte Euskal Herriko eremu nagusienak industrializatu gabe zeudela, beraz, erabat nekazaria zen gizarte bat zela, eta ekonomia izugarri pobrea eta oinarrizkoa zela. Gehientsuenek aipatzen dute goserik ez zutela pasatzen etxean baratzeak zituztelako, baina gero dirurik ere ez zutela izaten gainontzekorako. Emakume horien lanak lagundu zuen etxea erosteko, edo beraien senideek ikas zezaten, edo negozio txiki bat muntatzeko... 

Bada lan hau egitean harritu zaituen zerbait?

Batetik, esan nahiko nuke haurren erabilera lan munduan ikaragarria iruditzen zaidala, eta gaurko begietatik begiratuta oraindik eta gehiago. Bestetik, nabarmenduko nuke lantokietan antolatzeko izan zuten gaitasuna. Sindikatuak oraindik legeztatu aurretik ere gehien-gehienek gauzak aldatzeko izan zuten grina, inkonformismo hura. 60ko hamarkadatik aurrera ernatze sozial bat piztu zen, kolektibotasunean sinetsiz, gauzak eraldatu zitezkeela sinetsiz… Aurrerapauso asko eman ziren: frankismoaren kontrako borroka, euskararen berpizkundea, mugimendu sozialak martxan jartzea… Orain ikusten dut zelako iluntasunetik zetozen, eta nola emakume horiek gauza izan ziren indar kolektibo horretan aritzeko eta antolatzeko; gauza txikietatik hasi eta handiagoetan inplikatzeko. Ikasgai bat ematen digute, erakutsi digute zein gaitasun eduki dezakeen indar kolektiboak eta guztion ahaleginak. Horrek ez du esan nahi bidea erraza denik, baina egoera aldatu nahi badugu, edo elkarrekin egiten dugu, edo bakarkako bidea oso antzua izango da.