Irati Gorostidik bere lehenengo film luzea estreinatu du berriki: Aro berria. Orain heldu da zinema aretoetara, baina Gorostidik publikoarekin lehen hurbilpena Donostiako Zinemaldian izan zuen. Zuzendarika momentu historiko konkretu batean kokatuko gaitu: 1978. urtean. Frankismoaren ondorengo garai honetan, langile gazte talde bat jarraituko du ikusleak. Ur kontagailuen lantegiko langileak dira, eta asanbladan bilduko dira greba bat eztabaidatzeko. Grebak ez du aurrera egingo, eta zenbait langilek alde egingo dute. Nora? Lizasora, gaur egun Arco Iris izenarekin ezagutzen dugun komunitatera. Gazteek gizartean espero zituzten aldaketa sakonen bilatzen dituzte bertan, borroka esparrua alderdi intimoetagoetara eramanda. Bidea esperien-tzia katartiko partekatuak izango dira. 

Gorostidiren filmean Maite Muguerza, Óscar Pascual, Aimar Uribesalgo eta Edurne Azkarate dira aktoreak, eta Olive Laxe zuzendariak ere paper txiki bat du. Irudia oso garrantzi-tsua da pelikulan, eta zuzendariak Ion de Sosa argazki zuzendariaren laguntza izan du irudiaren alorra jorratzeko.  

Lan gatazka beste esperruetara hedatuz

Aro berria garai historiko batean kokatzen gaituen pelikula da. Horretarako, zuzendariarentzat inportantea zen ur kontagailuen lantegiko langileen istorioa kontatzea garai historikoa ondo testuinguratzeko; ez bakarrik zentzu figuratiboan, baita zentzu emozionalean ere: langileak etsita zeuden aurrera ez zihoan langile gatazkagatik; eta, horren aurrean, haien indar militantea beste esparru batzuetara eramatea erabaki zuten. 

‘Aro berria’ pelikulak Arco Iris komunitatearen errealitatea islatzen du. 'Aro Berria'

“Asanblada horretan langileek hainbat kontu eztabaidatuko dituzte, horien artean langileriaren atomizazioa, despolitizazioa. Etsita dagoen gazte taldea pentsatzen hasiko da nola bizi nahi duen, zelan apurtu eredu tradizional guztiekin, ez bakarrik lanaren esparruan, bizitzaren esparru intimoetan ere”. Garai horretan langileen arazoak ez ziren bakarrik lantegietara mugatzen, eta zalantzan jarri zituzten beste zenbait estamentu; hala nola, familia eredua, sexu harremanak eta maitatzeko moduak.

Gorostidiri lantegian gertatzen zena garai historikoa kokatzeko modu egokia iruditu zitzaion, baita “Arco Iris komunitatera heltzeko modu interresgarri bat” ere: “Uste dut badela garai historiko horri Euskal Herrian begiratzeko ikuspuntu berri bat”, azaldu du zuzendariak.

Ikerketaren emaitza

Zuzendaria aspaldi hasi zen Arco Iris komunitatea ikertzen. Bere gurasoak bertan izan ziren, eta zuzendariak garai horretako argazki batzuk aurkitu zituen: “Niretzat argazki horiek harrigarriak ziren, bereziki garai historiko horretan kokatzen banituen”. Hortik jaio zen pelikula egiteko ideia.

‘Aro berria’ pelikulak Arco Iris komunitatearen errealitatea islatzen du 'Aro berria'

Ez da Gorostidik gaiari heltzen dion lehen aldia. Aro berria baino lehen, San Simón 62 dokumentala eta Contadores film laburra zuzendu ditu. Are, Aro berria filmaren hasiera Contadores film laburrarean kontatzen denaren berrinterpretazioa da. Film laburra erabilgarria izan zen pelikularen prozesua praktikoagoa izan zedin. Gorostidiren hitzetan, “film laburra egiten ari ginenean, jada lantzen ari ginen pelikula”. Orain, Gorostidik amaiera bat aurkitu dio ikerketari, eta orain beste ikerketa batzuk hasteko eta “beste saltsa batzuetan” sartzeko gogoa du.

Sentsazioak narratibaren gainetik

Gorostidik ez du ohiko pelikula egin, eta berak badaki. Hautu kon-tziente bat izan da narratiba alde batera uztea, eta pertsonaien bidez istorioa kontatu beharrean, irudien bidez kontatzea. “Oso ohikoak ez diren” lan metodologiak jarraitu ditu filmaren sorreran. Emaitza pelikula oso sentsoriala da: “ez da kontakizun bat, ez da pelikula narratiboa… Ez du istorio bat kontatzen ezta mezu bat adierazten ere”. Gorostidiren arabera, gorputzaren bitartez pelikulak esperientzia bat planteatzen du. 1978. urtean murgiltzera gonbidatzen du ikuslea. 

“Proiektu honetan nik pasarte batzuk eta irudi batzuk hartu nahi nituen, artxiboko materiala ere, eta pantailara eraman nahi nuen fikzio batean”. Hala ere, sortzailearentzat pertsonaiak ez dira izan istorioa kontatzeko errekurtsoak, bere helburua ez zelako zerbait zehatza kontatzea: “Nik komunitate horretan gertatzen ziren egoerak irudikatu nahi nituen, eta irudi horiek, bere indar guztiarekin erakutsi nahi nituen”. 

"Komunitate horretan gertatzen ziren egoerak irudikatu nahi nituen, eta irudi horiek, bere indar guztiarekin erakutsi nahi nituen”

Irati Gorostidi - Zinema zuzendaria

Pelikulan bi sekuentzia oso luze daude, komunitatearen praktikak erakusten dituztenak, katarsiarekin oso lotuta daudenak. Zuzendariak oso era argian zehazten du zergatik egin dio uko hari narratiboari irudiek beraiek kontatu behar zutenari lekua egiteko: “Azken finean, irudi horiek ikusiko bagenitu egitura narratibo baten barruan nolabait trama baten alderdi bat azaltzeko, murgiltze esperien-tzia ez litzateke hain handia izango”. Ikusleak Arco Iris komunitateak erabiltzen zuen karpan sartuko balira bezala, esperientzia murgiltzaile bat da pieza.

Beraz, irudiek ez dute narrazio bat osatzen, eta pelikulak erakusketa bizi baten antza hartzen du, non artxiboko irudiak eta errekreazioak nahasten diren. Materialen arteko aukeraketa bat da, eta horiekin “mosaiko bat” osatu du zuzendariak.

Zergatik?

Irati Gorostidik galdera bat zeukan lehenengo argazkiak aurkitu zituenean: zergatik joan zen gazte talde bat horrelako komunitate batera? Berarentzat begi bistakoa zen talde hori apurketa bat bilatzen ari zela, jasotako hezkuntza guztiarekin apurtu nahi zuela, “eta hori oso gorpuztuta zegoen”. Sexuaren askapena edo espiritualtasuna ikertzen ari ziren, “gai horiekin harremantzeko beste modu bat bilatzen ari ziren”.

Gazte talde horrek gorputz bat zeukala sentitzen zuen. Frankismoan jaiotakoak ziren, besterik ezagutu ez zuten gazteak. Bilaketa horretan, “hori guztia gainditu nahi zuten. Katolizismo hori eta frankismoaren barruan bizi izana haien inkontzienteari eta gorputzari nola eragin zien jakin nahi zuten”.

Gorostidik ez du Arco Iris komunitatea modu epaikor batean irudikatu nahi, “komunitatearen inguruan jada aurreiritzi asko existitzen direlako”. Zentzu horretan, zuzendariak epaia ezeztatu du, baina komunitatea modu idealizatu batean aurkezteko ideia ere alde batera utzi du.

‘Aro berria’ pelikulak Arco Iris komunitatearen errealitatea islatzen du..

Komunitatean zeuden pertsonak hor zeuden nahiz eta komunitatearen ideiekin guztiz bat ez etorri. Pertsonaietan ikus dezakegu konpromiso bat, edo gutxienez interes bat,bertan planteatzen ziren gaien inguruan eztabaidatzeko. Komunitatean planteatzen ziren gaiak abiapuntu interesgarriak ziren garai horretan gazte talde horrek zituen zalantzetarako. 

Gazteek jakin nahi zuten zelakoa izango zen harremantzeko modua momentu horretatik aurrera. Familiaren instituzioa desagertzen bazen, nolakoa izango zen egitura berria, nola izango zen haurren zaintza eta zelan banatuko zituzten rolak; zelakoa izango zen sexua edo nolakoa izango zen ugalketa.

Arco Iris komunitatean ematen ziren ikastaroak ez ezik, pertsonaiak ikusiko ditugu sekuentzietan haien arteko elkarrizketak izaten. Elkarrizketa horietan kezkaren bat edo ezinegonen bat planteatzen da, beraz, komunitatea komunitateari buruz eztabaidatzeko leku bihurtzen zen ere.

Iraganeko eztabaida gaurkotua 

Aurten bete dira 50 urte Franko hil zenetik; eta, hain justu, pelikulak garai horretan kokatzen gaitu: Franko hil eta geroko garaian. Bost hamarkada ez dira aski izan pelikulak planteatzen diren hainbat zalan-tzei erantzuteko. Zuzendariak azaldu bezala, oraindik ere pelikulan planteatzen diren hainbat gairi bueltak ematen jarraitzen dugu. “Haiekin konparatuz, badugu askatasun gehiago erabakitzeko nola bizi nahi dugun edo zer motatako harremanak nahi ditugun, edo nola antolatu nahi dugun gure bizitza afektiboa”. Hala ere, Gorostidiren hitzetan, “zaila da oraindik tradizionalak diren harremanetatik kanpo antolatzea edo katolizismotik kanpo dauden espiritualtasunak planteatzea. Horren alternatiba kapitalismoak uzten digun aislamendua da, batere jasangarria ez dena”.

Aurrerapausuak eman diren arren, garaiko zenbait eztabaidek bizi bizi jarraitzen dute egun. “Niri ikerketak ikuspegi bat eman dit, esperientzia kolektibo hura baloratzeko aukera, eta uste dut emaitza batera ez iristeak ere balio duela; hau da, gai batzuk mahai gainean jartzeak eta beste modu batzuk aurkitzen saiatzeak jada balio bat du”. Horrek posible egiten du gaur egun ere entzuten diren eztabaidekin analogia bat egitea, gutxienez ulertzeko harremantzeko moduari buruzko eztabaida ez dela gaur egun gertatzen zaigun gauza bat, lehen ere bazeuden gaiaren bueltan hausnartzen zuten taldeak.

“Espazio intimo hauek oraindik ere pentsatzen dira, perspektiba eta desira ezberdin batetik”, dio Gorostidik, “niretzat pelikula egiteak balio hori izan du, eta nahiko nuke pelikuak hori sortzea publikoarengan, nolabaiteko interesa gai horietan sakontzeko”.