Uda iristearekin batera, eguzkia aisialdiaren, oporren eta ongizatearen sinbolo bihurtzen da. Kaleak betetzen dira, hondartzak jendez gainezka egoten dira eta azal beltzaranak osasunaren eta edertasunaren irudi gisa aurkezten dira sarritan. Baina irudi erakargarri horren atzean, arrisku bat dago eguzki-esposizioak, behar bezala kontrolatzen ez denean, ondorio larriak izan ditzake larruazalaren osasunean.
Larruazaleko minbizia munduan gehien diagnostikatzen den minbizietako bat da, eta azken urteetan, kasuek gora egin dute nabarmen. Hala ere, paradoxikoki, prebentzio bidez neurri handi batean saihestu daitekeen gaixotasuna da. Testuinguru horretan, galdera bat gailentzen da: eguzkia benetan laguna al da, ala etsai bihur daiteke?
Lurrazaleko minbiziaren egoera
Larruazaleko minbizia azaleko zelulek kontrolik gabe hazten direnean sortzen da, eta gehienetan eguzkiaren erradiazio ultramorearen (UV) esposizioarekin lotuta dago. Hiru mota nagusi bereizten dira: melanoma, arriskutsuena eta metastasia errazago sortzen duena; bigarrena, kartzinoma basozelularra eta azkenik zelula eskamosokoa. Azken bi hauek ohikoagoak dira baina, oro har, pronostiko hobea dute. Kasu gehienetan, larruazaleko minbizia urteetako eguzki-esposizio metatuaren ondorioa izaten da, nahiz eta erredura puntualek (bereziki haurtzaroan) arriskua nabarmen handitu dezaketen.
Azken hamarkadetan, larruazaleko minbiziaren intzidentziak gora egin du etengabe. Espainian milaka kasu berri diagnostikatzen dira urtero, eta Europan joera bera errepikatzen da. “Gero eta kasu gehiago ikusten ditugu kontsultan, batez ere ohitura aldaketengatik: eguzki-esposizioa handiagoa, bidaia gehiago, babes-neurrien erabilera irregularra…”, azaldu du Ana Urrutia dermatologoak. Hala ere, adituek azpimarratzen dute datu horiek bi alde dituztela: alde batetik, benetako igoera dago; bestetik, diagnostiko goiztiarrak ere gora egin duela, kontzientziazio handiagoari esker.
Hilkortasunari dagokionez, melanoma da kezkarik handiena eragiten duen mota, nahiz eta garaiz detektatuz sendatzeko aukerak gero eta handiagoak izan. “Melanomaren kasuan, biziraupena %90etik gorakoa izan daiteke hasierako faseetan antzematen bada; arazoa da askotan berandu heltzen dela kontsultara”. Horregatik, adituek behin eta berriro azpimarratzen dute prebentzioaren eta autoazterketaren garrantzia: azaleko orban edo orbain berriak, edo lehendik daudenetan aldaketak, alerta seinalea izan daitezke. Testuinguru horretan, datuek argi erakusten dute erronka bikoitza dela: kasuak ugaritzen ari dira, baina aldi berean, garaiz jardunez gero, ondorioak nabarmen murriztu daitezke.
Nola babestu?
Pertsona guztiek ez dute arrisku bera larruazaleko minbizia garatzeko. Faktore nagusien artean azal mota, eguzkiarekiko esposizio ohiturak eta, bereziki, haurtzaroan jasandako erredurak daude. Lurrazaleko tonua iluntzeko kabinek ere arriskua handitzen dute, eta gero eta gehiago dira horien erabilera mugatzeko eskaten duten adituak: “Kabina bidezko UV erradiazioa eguzkiaren erradiazioaren parekoa edo are handiagoa izan daiteke; ez dira alternatiba segurua, kontrakoa baizik”, azaldu du Ane Urrutiak.
Arrisku faktore horiek ezagutzea funtsezkoa da prebentzioa egoki planteatzeko. Hala ere, praktikan, gomendioak ez dira beti betetzen. Eguzki-krema erabiltzea ohikoa bada ere, askotan gaizki aplikatzen da edo ez da behar adina berritzen. “Jende askok uste du goizean behin ematearekin nahikoa dela, baina bi ordutik behin berritu behar da, eta are gehiago uretan edo izerditan egon ondoren”, zehaztu du Urrutiak. Halaber, eguzki-ordu arriskutsuenak (eguerditik arratsalde erdira bitartekoak) saihestea eta arropa egokia erabiltzea neurri eraginkorrak dira.
Prebentzioaren beste zutabe garrantzitsu bat autoazterketa da. Azalean agertzen diren orban berriak edo lehendik daudenen aldaketak garaiz identifikatzeak alde handia egin dezake. “ABCDE araua erabiltzea gomendatzen dugu”.
Eguzkiaren dilema
Eguzkiarekiko harremana ez da erabat negatiboa, eta horrek berak sortzen du eztabaida. Alde batetik, eguzki-argiak funtsezko papera du D bitaminaren sintesian, hezurren osasunerako eta sistema immunologikoarentzat garrantzitsua dena. Bestetik, ongizate emozionalean ere eragina du, argi naturalak umorean eta loaren erritmoetan eragiten baitu. Hala ere, onura horiek lortzeko behar den esposizioa askoz txikiagoa da askok uste dutenarekin alderatuta.
“Ez da beharrezkoa orduak eguzkitan pasatzea D bitamina lortzeko; eguneroko esposizio labur eta neurtua nahikoa izaten da kasu gehienetan”, dio Urrutiak. Zentzu horretan, adituek ohartarazten dute arriskua ez dagoela eguzkian bertan, baizik eta gehiegizko esposizioan, eta, noski, babes faltan. Gainera, gaur egungo bizimoduak ez du laguntzen oreka egokia mantentzeko, udako oporraldietan eguzki-kontzentrazio handia delako eta urtean zehar esposizioa txikiagoa delako.
Bestalde, gero eta ohikoagoa da eguzkiaren inguruko diskurtso sinplifikatuak aurkitzea, mutur batean zein bestean. Batzuentzat, eguzkia ia arrisku hutsa da; beste batzuentzat, berriz, osasunaren iturri naturala. “Diskurtso horiek arriskutsuak izan daitezke, errealitatea askoz konplexuagoa delako: eguzkia behar dugu, baina modu kontrolatuan”, dio Urrutiak. Horregatik, adituek ikuspegi orekatu baten alde egiten dute: eguzkiaz gozatu, baina kontzientziaz, esposizio denbora mugatuz eta babes neurriak bermatuz. Azken finean, dilema ez da eguzkia saihestea ala ez, baizik eta harekin dugun harremana nola kudeatzen dugun.
Desinformazioa: gezurren kontrako buletina
Eguzkiaren eta larruazaleko osasunaren inguruan, informazio fidagarriarekin batera, gero eta ugariagoak dira sare sozialetan eta ahoz aho zabaltzen diren mezu okerrak. Diskurtso horietako batzuk zientziaren kontrako joeretan oinarritzen dira, eta beste batzuk, berriz, erdi-egietan: datu jakin batzuk hartu eta testuingurutik kanpo erabiltzen dituzte. Horrek guztiak nahasmena sortzen du, batez ere prebentzioari dagokionez, eta arriskuak gutxiestera eraman dezake jendea. “Desinformazioa da gaur egun dugun erronka handienetako bat; jendeak informazio asko jasotzen du, baina beti ez da fidagarria”, dio Urrutiak. Horregatik, Urrutia dermatologoak hainbat gezur ezeztatu ditu:
Gezurra: Eguzki-kremek produktu kimiko arriskutsuak dituzte eta hobe da ez erabiltzea.
Ane Urrutia: “Eguzki-babesleak segurtasun kontrol zorrotzak pasatzen dituzten produktuak dira. Merkatuan dauden kremek araudi oso zorrotza betetzen dute. Ez erabiltzea da benetako arriskua. Babesik gabe eguzkitan egoteak kalte metatua eragiten du azalean”.
Gezurra: Beltzaran egoteak modu naturalean babesten du eguzkitik.
Ane Urrutia: “Azalaren iluntzea defentsa mekanismo bat da, baina ez da nahikoa. Beltzarantzea kaltearen seinale da, ez babesaren bermea. Babes-maila oso txikia da, eta ez du eguzki-kremaren funtzioa ordezkatzen”.
Gezurra: Hodeiak daudenean edo eguzkia ez dagoenean ez dago arriskurik.
Ane Urrutia: “UV erradiazioa hodeien bidez igaro daiteke, eta egun lainotsuetan ere azalera iristen da. Horregatik, babes neurriak mantentzea gomendatzen da, batez ere denbora luzez kanpoan egongo bagara”.
Gezurra: D bitamina gabe geratuko gara eguzkitik babesten bagara.
Ane Urrutia: “Eguzki-babesak ez du erabat blokeatzen D bitaminaren sintesia. Gainera, elikaduraren bidez edo osagarrien bidez lor daiteke. Ez dago babesaren eta D bitaminaren artean aukeratu beharrik. Biak bateragarriak dira”.
Gezurra: Gazteek ez dute arriskurik, urte askotako esposizioa arriskutsua delako.
Ane Urrutia: Kaltea metakorra bada ere, ohiturak gaztetatik hasten dira. Haurtzaroan eta gaztaroan jasotako erredurek eragin zuzena dute etorkizuneko arriskuan.
Eguzkiaren inguruko erabakiak ez dira intuizioan edo sare sozialetako mezuetan oinarritu behar, baizik eta ebidentzia zientifikoan. Izan ere, prebentzioa ez da soilik ohitura kontua, baizik eta informazio egokiaren ondorio zuzena ere.