ÚLTIMA HORA
Volkswagen y los sindicatos UGT, CCOO, ELA y CCP pactan el calendario laboral para 2021
GIZARTEA

Jangelaren kontzeptu berria

Mahaiaren inguruan ondo pasa eta ikastea dira ekinfood egitasmoaren helburuak

08.02.2020 | 16:37
Bi ume, ikastola bateko jangelan.

Eskolako jangela beste ikuspuntu batetik ikustea ahalbidetu du Ekinfood egitasmoak, Aibak taldeak bultzatu duena. Ikastea, gozatzea eta heztea, horiexek dira proiektuaren hiru zutabeak. "Zergatik ez aprobetxatu jateko ordua gure seme-alabek elikatzeko ohitura onak bereganatu ditzaten, balioak eta elkarrekin bizitzen ikasi eta ondo pasatzen duten bitartean?". Galdera horretatik abiatu da egitasmoa. Haurrak mahaiaren inguruan ikasten eta ohitura onak bereganatzen arituko dira, elikatu eta ongi pasatzen duten bitartean.

Donostiako Herri Ametsa ikastolan, esate baterako, iaz ekin zioten Ekinfood proiektuari. Horretarako, espazioa ere moldatu egin dute, jangela zabala, argitsua, handia, gardena eta alaia sortuz, haurren ikasteko gogoa piztu eta janariaz gozatzera bultzatuko dituena. Egitasmoa aurrera eramateko ezinbestekoa izan da jangelako langileak prestatzea, ohitura osasun-tsuei edota elikagaiei buruzko formakuntza ikastaroen bitartez.

Irakurle gazteak Ohitura osasuntsuei jarraiki, Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak Liburuka proiektua jarri du martxan ikasturte honetan, hiriko ikastetxeekin elkarlanean, ikasleen artean irakurketa sustatzeko helburuarekin. Egitasmoren baitan hiru programa abiarazi ditu: Motxila txikia, Irakurle gazteak eta Itsaspeko bihotzak.

Motxila txikia liburutegia, eskola eta familia lotzen dituen programa da, Haur eta Lehen Hezkuntzako haurrei zuzenduta dagoena. Astero, ostegunean edo ostiralean ikaskide batek hartuko du motxila txikiaren ardura: gurasoekin liburutegira joango da, Motxila txikia txokotik gustuko duen liburu bat aukeratuko du eta asteburuan etxean irakurri ondoren, hurrengo astean ikastolan landuko du irakaslea eta ikaskideekin batera.

Irakurle gazteak egitasmoaren xede nagusia, berriz, Donostiako ikastetxeei liburutegietan mailegagarri dauden liburuak eskaintzea da. LHko eta DBHko 1. zikloko ikasleei zuzenduta dago. Hiruhilabetero kaxa bat jasotzen dute eta egunero 15 minutuko irakurketa saioa egiten dute.

Itsaspeko bihotzak areto literarioa hiru astez egongo zen ikusgai, azaroaren 13tik abenduaren 3ra, Konstituzio plazako Liburutegiko Mandas Dukearen aretoan. 8 eta 14 urte bitarteko ikasleei zuzenduta, berdintasuna lantzea izan du helburu, euskarazko haur eta gazte literatura oinarri hartuta. N.G.