'Arte eta inprobisazio' kanpaldia burutuko da abuztuan Lekarozen
Pamplona Jazzek antolatuta, 60 lagunek izanen dute parte hartzeko aukera
Pamplona Jazz elkarteak antolatuta, heldu den abuztuaren 16tik 22ra Lekaroz Arte eta inprobisazioa izeneko kanpamentua burutuko da Lekarozen. Proiektu berritzaile eta inklusibo bat proposatzen du hiriko artea, jazza eta inprobisazio askea landa-ingurunera hurbiltzeko. 60 lagunendako kanpaldia izanen da, kontzertuak, tailerrak eta naturan zeharreko ibilaldien bidez ikasleek hainbat diziplinaz gozatzeko aukera izanen dutelarik, hala nola, hip hopa, graffitia, argazkia, breakdance, jazza, inprobisazio librea edo New Orleanseko musika.
Egonaldian 9 tailer desberdin eskainiko dituzte, 12 urtetik goitiko edonorendako, asmoa belaunaldi arteko tailerrak burutzea baita. Ikasle bakoitzak eskaintzen diren tailerretako batean eman behar du izena, eta bi aukera izanen dira egonaldian parte hartzeko, batetik, ostatua pentsio osoko erregimenean izatea, 475 euroko prezioarekin; eta bertzetik, ostatu eta pentsio osorik gabe, hau da, tailerretan soilik parte hartuz, 225 euroko kostuarekin.
Eguneko saioak goizean hasiko dira, Baztanen barrena eginen diren ibilaldiekin eta espezialitate bakoitzeko tailerrekin jarraituko dute. Arratsaldez, taldekako sorkuntza-gelak eginen dituzte, arte-diziplinak elkarrekin bizitzeko. Esku-hartze artistikoak ere eginen dituzte Lekarozko aterpetxearen kanpoaldean. Bertan, graffiti tailerraren zati bat egingo da, eta ikasleek lan handia eginen dute gaur egun zaindu gabe dauden espazioak berreskuratzeko. Gauean, berriz, jam sesioak izanen dira, tailerretako irakasleek zuzenduta, DJ saioak, mikro irekia eta irakasle eta ikasleen kontzertuak.
Ekainaren 20ra arte eman daiteke izena eta informazio guztia eta izena emateko estekak Iruña Jazzen webgunean eskuragai daude: https://pamplonajazz.com/lekaroz-arte-e-improvisacion.
Temas
Más en Navarra
-
1.050 denuncias ciudadanas registradas desde que comenzaron las fiestas de San Fermín
-
Iruña se ‘vacía’ tras un sábado multitudinario
-
Desalojada una acampada ilegal en la zona del Bosquecillo y la Taconera con más de 40 tiendas de campaña
-
Las peñas saldrán en silencio este domingo de la plaza de toros en protesta por la agresión sexual del día 11