“Bullets and Letters: Post-ETA Euskadi and the Arts” (Balak eta Letrak: ETA ondorengo Euskadi eta Arteak) izenburua duen graduondoko eta doktoretza-ikasleei zuzendutako mintegi honetan, diskurtso nazionalisten baitan nagusitzen diren ideia paradigmak eta generoaren ikuspegitik begiratuta nortasunaren eta indarkeriaren arteko harremana aztertuko dira. Horrekin batera, arteek (literatura, zinea, pintura eta eskultura) bakea eta adiskidetzean izan dezaketen eragina landuko da.

Ikuspuntu horretatik, mintegian erabiliko diren materialen artean daude ETAko kide izandako batzuen eta ETAren biktima batzuen dokumentu, elkarrizketa eta idazkiak. Bernardo Atxaga, Luisa Etxenike eta Ramon Saizarbitoriaren testuak; Julio Medem, Eterio Ortega Santillana, Asier eta Amaia Merino eta Helena Tabernaren filmak; eta Vicente Ameztoy eta Agustín Ibarrolaren artelanak ere aurkituko dituzte ikasleek. Gainera, Luisa Etxenike eta Bernardo Atxaga idazleek, Helena Taberna zinegileak eta Esther Pascual bitartekariak mintegian ha rtuko dute parte, Etxenikek presentzialki eta gainerakoek bideokonferentzia bidez.

Amaitzeko, Annabel Martín irakasleak hitzaldi ireki bat emango du urriaren 11an: “Palabras con piel, oídos que hablan: La búsqueda del Otro en los procesos de justicia restaurativa” (Hitzak azalarekin, hitz egiten duten belarriak: Bestearen bilaketa justizia errestauratiboko prozesuetan).

Etxepare Euskal Institutuak CUNYn abian jarritako Bernardo Atxaga katedraren xede nagusia euskal literatura eta hizkuntzalaritzaren inguruan ikerketa, ikasketa eta ezagutza sustatzea da.

Idazleak berak eman zion hasiera 2011ko irailean CUNYko Graduate Center-en. Euskal kulturari buruzko doktoretzako programa akademikoa eskaintzen du, eta ikasturte bakoitzean New Yorkera eramaten ditu irakasle gonbidatuak.