Erdi penaz eta erdi pozik ari dira Hesian taldeari agur esaten Zuriñe Hidalgo (Gasteiz, 1990) eta Fran Urias (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1985). Erabakia heldu zen lehenago, eta gauzatzea ondoren. Urtarrilaren 9an, Bilbon, eskaini zuten azken kontzertua: zuzeneko pandemikoa eta gertatzen ari zena ez zekien publiko baten aurrean. Ondoren zabaldu zuten komunikatua, eta hurrengo asteetan egin dute hartu emana komunikabide eta idatzi dieten zaleekin. Asimilazio fasean ari dira orain, era naturalean emandako bukaera barneratzen. Bidean izan dituzten zale guztiei eskerrik beroenak emanaz jaitsi dira oholtzatik.

Urtarrilak 9, Bilbon; duela hilabete eskas, eta pandemia betean. Orduan igo zineten oholtzara azkenekoz Hesian talde gisa. Nola bizi izan zenuten azken gau hura? Eta orainetik ikusita?

Zuriñe Hidalgo: Guk talde bezala bagenekien azkena izango zela; beraz, horrela bizi izan genuen. Oso kontzienteki, bagenekielako kantu bakoitza izango zela oso azkenekoa. Eta orain pertsonalki daukat sentsazioa kontzertu hori eman genuela aspaldi; ordutik nahiko gorabeheratsu ibili naiz, egun batzuetan ondo, eta beste batzuetan nostalgika xamar. Sentipen arraroa da, orain ari naiz kokatzen.

Fran Urias: Egia da Zuriñek esaten duena, nik ere sentsazio antzekoa daukat, pasatu izan balitz bezala denbora pila bat kontzertu hartatik. Hain momentu berezia izan zen, hain bakarra. Pandemia garaian eman dugun kontzertu bakarra da; eta, aldi berean, gure azkeneko kontzertua. Batez ere gogoratzen dut azkeneko abestia jo-tzen ari ginenean. Normalean abesti bat jotzen ari zarenean zaude pentsatzen hurrengo abestian; baina, oraingoan, azkeneko abestian hurrengoa zen ezer ez, ja ez zegoen ezer gehiago. Eta momentu horretan pentsatu nuen: Zer ari da gertatzen hemen?

Gertatzen ari zena amaiera bat zen, azken kon-tzertua. Nola prestatzen da azken kontzertu bat?

Z.H. : Egia esan, ahal bezala. Covid19-aren egoera dela eta ez genuen aukerarik izan nahi adina aldiz elkartzeko eta entseatzeko. Buruhauste izan genuen zerrendarekin. Zer aukeratu? Apustua izan zen gure ibilbideko kanturik esanguratsuenak sartzea.

F.U.: Igual bereziagoa izan zen denbora asko generamalako jo gabe, azkenekoa izanagatik baino. Oso hotz geunden, izan zen buelta bat bezala, ia urtebete egon ginen jo gabe.

Zuek bazenekiten azkena izango zela, publikoak ordea, ez. Zer dela-eta erabaki zenuten horrela egitea?

F.U.: Ofizialki zen kontzertu normal bat, ez zen agur bat, eta hori izan zen esan genuelako ez goaz esatera ezer, benetan etorriko dena izango da nahi duelako. Etorri zirenak etorri ziren Hesian ikusi nahi zutelako, ez azken kontzertua zelako. Eta gero esan genuen azkena zela eta jendea geratu zen esanez: Nola? Nola azkena dela?

Z.H.: Ez da izan justua ez publikoarentzat, ezta guretzat ere. Talde honek eta talde hau jarraitu duen jendeak merezi zuela beste amaiera bat askoz ere politagoa eta zainduagoa. Baina hau izan da eskaini ahal izan duguna.

Bukaeratik hasi eta hasierara salto orain. Fran, 15 urte, zortzi disko. Nola hasi zen Hesian? Zer izatea zuen asmo?

F.U.: Inondik inora izan dena. Edo behintzat ez genuen espero. Ohituta geunden Sakanako gaztetxeetan jotzera, tabernetan€ oso petit comité, beste liga batean esan dezagun. Eta hori espero genuen ere Hesian jaio zenean. Gu musikari bezala ere ez ginen, eta ez gara, izugarriak eta egiten genuen musika ez zen super apurtzailea, baina funtzionatu zuen. Konektatu genuen jendearekin. Ez dakigu nola, magia hori sortzen da eta listo, baina konektatu genuen. Konturatu ginenerako kontzertuz kontzertu genbiltzan astebururo. Gure buruari esaten genion: "Hau ez da posible, norbait dabil hor tranpak egiten".

Urte batzuk beranduago batu zinen zu taldera Zuriñe, gazte halere. Nolakoa izan zen Hesianera batzea?

Z.H.: Oso motibatuta nengoen, hain pozik, gauzak egiteko gogoarekin sartu nintzela dena ematera, aurrera. Lehenengo momentutik izugarrizko konexio polita sentitu nuen taldekideekin eta niretzat hori oso inportantea zen. Horrek baieztatu zidan dena ondo dago zihoala eta aurrera aterako ginela. Gogoratzen dut oso etapa azkarra bezala; prestaketa handia, kontzertuak, aldi berean diskoa prestatuz€Neuzkan 19-20 urte eta energia pila bat eta gehiago eta gehiago nahi nuen.

F.U.: Gainera gu gentozen errusiar mendi batetik. Hasi ginen suabe-suabe, eta nahiko azkar joan zitzaigun ondo, lehen diskotik bertatik. 2008-2009. urtean lehen lerroan geunden eta orduantxe utzi zuen taldea lehenengo abeslariak. Sartu zen bigarren abeslaria, eta zintzoki esanda, behera joan ginen. Ez zuen funtzionatu ez barrura begira ez kanpora begira eta izan zen kolpe gogor bat. Eta gero Zuriñe sartu zen eta publikoaren aldetik beste aurpegi batzuk ikusten ziren. Jendea beste ilusio batekin zegoen kon-tzertuetan, eta baita gu ere.

Hor bada aldaketa nabarmen bat aipatu duzuena, baina izan al da besterik?

Z.H: Nik bizi nituen aldaketarik inportanteenak izan dira taldekide batek uzten zuenean. Oso albiste txarra zen niretzat. Aldi berean polita zen norbait berria sartzen zelako eta gehitzen zion bere esentzia taldeari, baino agurrak nik beti bizi izan ditut oso gaizki.

F.U.: Taldekide batzuk bereziki, bai atera direnean eta bai sartu direnean ere klabeak izan dira talde honen ibilbidean. Niri Zuriñeri gertatzen zitzaiona ere gertatzen zitzaidan, baina ni nengoen nolabait ohituta; utzi nau ia-ia talde osoak. Eta azkeneko kontzertuan, Eneko, tronpeta jo-tzailea, zela hasieratik zegoen bakarra, deitu zigun esanez ezin zuela jo azkeneko kontzertua. Eta pentsatu nuen, orain bai, denek utzi naute. Eta gogorra da hori, bai, oso. Eta mugitzen zaitu eta pentsatzen duzu: hau nora doa? Zer egiten dugu? Bai, horiek dira inflexio puntuak, zalantza gabe.

Atzera begiratzeko une bat ere izan daiteke hau, errepasoa egitekoa. Uneren bat gogoratzen duzue indar bereziarekin edo orain azaleratu da?

F.U.: Zuriñe sartu zen urtean egin genuen gaztetxe bira bat, eta gogoan daukat Bonberenean emandako kontzertu bat, Zuriñeren bigarrena edo. Kontzertu horretan izan nuen sentsazioa aurrera gindoazela, jaio ginela berriz. Ez zen egon jende asko, asko jota 30 pertsona, baina egon zen jendeak beste aurpegi bat zeukan, beste zera bat nabaritzen zitzaion gu entzuterakoan. Kontzertu hori geratu zitzaidan memorian.

Z.U: Ahalko banu atzera egin orain egingo nukeena izango litzateke kontzertu bakoitza amaitu eta gero idatzi kontzertu bakoitza nolakoa izan den, nola joan den€ eta edukitzea gaur egun eguneroko bat anekdota guztiekin hori beti hor edukitzeko. Pena ematen dit pentsatzeak hemendik 20-30 urtetara edukiko ditudala erdi ahaztuta.

F.U.: Nik ez nuen idazten, baina Excel bat daukat eta hor apuntatzen nuen herria, eskualdea, herrialdea, katxea, nor etorri zen tekniko, zenbat jende egon zen gutxi gorabehera€ ez zen oso emozionala eta orain damutzen naiz ere ze kon-tzertu guztiek zeukaten zerbait berezia, magia uneren bat. Gero utzi nion egiteari eta dagoeneko ez dakigu zenbat kontzertu eman ditugun, baina ikusten dudanean taula hori kontzertua bera bai gogoratzen dut.

Zertako izan da baliagarria esperientzia?

Z.H.: Eta zertarako ez? Honek ez du bakarrik hartzen gure bizitzako arlo musikala, hartzen du beste guztia. Batez ere hasierako urteetan gure asteburu guztietako plana zen elkarrekin egotea, kontzertuak jotzea€ zen gure bizitza. Eta ikasi dena, eszenatoki gainean, eta azpian. Sortu dugun guztia izugarria da. Ez dakit zenbat taldek esan dezaketen zortzi disko egin dituztela.

F.U: Izan gara oso talde langilea, hasieratik, eta azpimarratuko nuke harremanetan ikasi dugun guztia. Langileak izateaz gain, azkeneko urteetan kenduta ez dugu izan manager bat aurpegia ematen gugatik, guk eman dugu. Eta horrek ere suposatzen dizu diskoetxeekin, langileekin eta denekin zu egotea negoziatzen eta planteatzen. Eta niri behintzat harremanetan eta mundu horretan asko erakutsi dit. Eta erakutsi dit baita musika mundua oso oso mundu zikina, gogorra eta bortitza dela, eta marrazoez eta arratoiez beteta dagoela.

Z.H.: Baina horrek ez du esan nahi zu horretan bihurtu behar zarenik. Batzuetan ematen du besteek zu errespetatzeko izan behar zarela kabroi bat, gainerakoek joera hori dutelako. Eta ez, badaude gauzak beste modu batera egiteko bideak, eta zaintzatik egiteko bideak, eta nik horretan sinesten dut. Bestela pikutara goaz.

Laburbildu daitezke 15 urte hitz gutxi batzuetan?

Z.H.: Nire bizitzako esperientziarik inportanteenetariko bat izan da, beti barruan eramango dudana eta beti presente izango dudana. Markatu nau eta hazi eta hezi naiz Hesianen.

F.U.: 18-19 urterekin hasi nintzen hemen, orain 35 urte ditut; ia bizitzaren erdia eman dut hemen. Ispilu bat izan da zentzu guztietan eta opari bat. Opari bat pentsatzen nuena inoiz ez zela amaituko eta ez nuena ikusten nire burua Hesian gabe. Orain ikusten dut eta sentitzen dudana da harrotasuna. Oso harro egin dugunaz, oso kontentu, asebeteta eta eskertuta.

Sentitu baitzenuten bukatzeko unea zela, nahiz eta dena izan den€

Z.H.: Proiektu guztiek aurrera jarraitu dezakete inertzia hutsagatik, eta da esatea bezala hemen nago konfort gunean ez naiz hemendik mugituko bizitza osoan€ eta ez. Talde bezala eman dugu eman ahal genuen guztia eta errealistak izan behar gara. Talde guztiek dute beraien hasiera eta beraien amaiera, eta 15 urte ez da gutxi. Modu natural batean eman den amaiera bat izan da, eta ez diogu kontra egin. Utzi dugu. Horrela sentitu dugu eta horrela komunikatu izan dugu.