Gustoko dut arkitektoekin bidaiatzea. Hobe esanda, arkitektura ikasketak gauzatzen ari diren pertsonekin bidaiatzea. Arkitektura pasioz bizi duten haiekin alegia, oraindik langabezia, lan baldintza kaxkarrak eta bekadun amaigabearen patua bizi ez, eta euren etorkizuneko ofizioa maite dutenak. Gida pribatuak bilakatzen dira hiri batean barrena ibiltzerako garaian, bertan gauzatu ziren plan urbanistiko handien eboluzioari buruz berriketan edo etxeko atari bateko zutabearen kapitelaren inguruan azalpenak ematen.

Dena dela, arriskuak ere baditu eraikinen azken xehetasun xaloengatik ere grina erakusten duten horiekin bidaiatzeak. Badut gogoan goizeko ordu txikietan autoz Herbeereak puntarik punta gurutzatzen ari ginen batean, Utrechten desbideratu eta Rietveld Schröder etxearen bila noraezean ibili ginenekoa. Etxe famatuaren hamaika azalpen eta zehaztasun entzun behar izan nituen eta bertara iristean laudorioak eta miresmen oihuak bota zituzten nire kideek, arkitektoak ez ginen beste lagun batek eta biok nora begiratu ere ez genekien bitartean. Eraikina berezia da bai, baina begi trebatua behar da segundu erdi bat baino gehiagoko begirada eskaintzeko.

Bada, ez bat, ez bi, ez hiru, 16 lagunen arteko bidai batean, 12 arkitektoz inguratutik ikusi nuen nire burua, non eta Sizilian. Apoteosia. Palermo hiriburuan hasi genuen mediterraneoko irlarik handiena ezagutzeko ibilbidea. Palermoko kaleak museo baten antzekoak dira. Berogailua potentzia maximoan trabatuta geratu zaion museo bat, hain zuzen. Eskubi eta ezker, bata bestearen atzetik jauregiak, antzokiak eta elizak elkar lehiatzen dute bisitariaren arreta erakarri nahian. Kasu honetan, Utrechteko etxearen kasuan ez bezala, begi ez trebatua ere gustora dabil eraikin ezberdinen kanpokaldea eta barnekaldea aztertzen. Palermoko katedralaren aurrean, arkitekto izateko bidean zeuden hamabi lagunek bata bestearen atzetik, azalpen mordoa ematen saiatu ziren tarte luze batean. Dena dela, inor ez zen gai izan katedralaren izen ofiziala esateko, Basilica Cattedrale Metropolitana Primaziale della Santa Vergine Maria Assunta. Ikasleak ziren oraindik, ezin zitzaien dena eskatu.

Eraikin esanguratsuenetatik aparte, kale xumeetan barrena sartuz gero, etxe eta patio ederrak ikusteko aukera ematen zuen hiriak, kale azokaren bat edo beste ezkutatzen zutenak. Ofizio zahar batzuk bizirik zirauten, baina baziren bi faltan sumatzen zirenak: kale garbitzailearena eta igeltseroarena. Eraikin guztiek zaharkitu itxura zuten, garai hobeak bizi izan zituztenaren seinale. Arazoa da, eraikin guzti-guztien garai oparoak urrun, oso urrun zirudiela.

Eraikinak eraikin, nire arreta gehien erakarri zuena Palermoko baratze botanikoan kokatzen zen Ficus macrophylla zuhaitz erraldoia izan zen. Adarretatik zintzilik, tentakulu moduko batzuk ateratzen zitzaizkion lurraren bila, ametsgaiztoetako munstro itxura emanez. Diotenez Europako zuhaitzik handiena da. 16 bidaikideak zuhaitzaren sustrai ikusgarrien gainean eseri ginen argazki bat egiteko eta bazen oraindik beste kuadrila oso batentzako tokia ere.

Mediterraneoa, historian zehar zibilizazio asko barneratu eta nahastu dituen lapiko handi bat izan da, eta Sizilia, zopa guzti horren erdian dagoen ogi zatitxo bat da. Feniziarrak, normandiarrak eta arabiarrak igaro dira bertatik ,besteak beste, baita Borboiak ere. Nor ez da pasa Siziliatik! Osagai guzti horien nahasketa da egungo irlaren porru-patata arkitektonikoa. Ahosabai guztiak asetzeko modukoa.

Kalean gora eta kalean behera gosea pizten denean, arancinien usaiari jarraitzea da onena. Siziliako jaki goxo hau, edozein txokotan topa daitekeena, ikasleen bidaikide onena da, merkea eta goxoa izateaz gain, tripa-zuloa ederki asetzen baitu. Gainera, osasuntsua da, arroza, haragi egosia eta ilarrak. Dena alde! Batzuek diote herrialde bat garestia ala merkea den jakiteko, onena taberna batean garagardo bat eskatzea dela. Kaña bat eskatu eta horren arabera estrapola daitekeela bizitzaren kostua. Siziliaren barnean, leku batetik besterako prezio aldaketak jakiteko, batik bat turismoak eragindakoak, aranciniaren erregela aplikatzen genuen guk. Palermon bola edo kono formako jakiak 90 zentimo kosta zezakeen. Taorminan 2,5 euro. Atera kontuak.

Taorminara iristean, bertan jan genuen lehen aranciniak herriaren turismo mailaz ohartarazi gintuen. Gehiegi ikasle batzuen aurrekontu murritzarentzat. Hau ikusita, gure xoxak Taorminako antzoki zaharra ikusten xahutu genituen. Greziarrek eta erromatarrek eraikitako eserlekuetan, izerdi patsetan, supermekatuko garagardo merke batzuk ezkutuan aterata, Etna sumendiaren irudiak borobiltzen zuen paisaia paregabeaz gozatu genuen. Garai hobeak ikusi zituen eraikin ikusgarria. Hortxe Sizilia bere esentzian.