- Durangoko Azokaren 55. edizioak ez digu urtero ohi duen argazkia eskainiko. Ez ditugu ikusiko erakusmahaien korridore luzeak jendez gainezka. Durangoko kale eta tabernak ez dira besapean libururen bat edo beste daramatzaten erosleez beteko. Ez ditugu saltzaileen neke eta poz aurpegiak ikusiko, ezta kulturaren besta erraldoiaren ajea sentituko ere azokak ateak itxi ondorengo egunean. Baina azokaren taupada, digitalki bata ere, sentituko dugu. Bihotz hori ponpatuko duen odol ixuria izanen dira aurten ere euskal argitaletxeak. Nafarroatik, argitaletxeak ezean, dagoeneko Landako Guneko biltegira ailegatu da aurtengo liburu uzta berria. Eta ez da makala.

Txalaparta argitaletxeak, erraterako, urteko azken txanpan plazaratutako liburu sorta zabala eraman du azokara. Helduentzako eleberrien sailean, nabarmentzekoak dira Asel Luzarragaren Bahiketa eleberria, Euskal Herria eta Argentina artean kokatzen den bilaketa misteriotsu baten kontakizuna. Itzulpenetan ere ez da eskas ibiliko argitaletxe tafallarra, tartean Margaret Atwood idazlearen Handmaids tale distopia ospetsua euskarara ekarri baitu Zigor Garroren eskutik, Neskamearen ipuina izenburupean. Saiakera generoari dagokionez, azpimarragarria Iratzar Fundazioarekin elkarlanean sortutako saiakera koaderno bilduma berriaren lehenengo bi aleak: Andoni Olariagaren Euskal Matxinada. Genealogiak eta egungo eztabaidak eta Floren Aoiz nafarraren Mamuari so. Neoliberalismoa versus burujabetza. Hauekin batera, Joseba Gabilondoren Babel aurretik, euskal literaturaren historia ikuspegi berri batetik azaltzen digun lanak osatuko du saiakera berrien uzta.

Haur eta gazte literaturari ere ekarpen zabala egin dio aurten Txalapartak. Gazteei bideratuta, Josu Ozaita antropologoak eta Joseba Larratxe ilustratzaileak egindako Gau beltza eleberri grafikoa aurkitzen da, Halloween jaia gurera ekarri eta Euskal Herriko aitzinako tradizioetan errotzen duena.

Pamiela argitaletxeak, ia urtero falta ezin diren izen handien azken lanak bidali ditu Durangoko biltegira. Hala, Bernardo Atxagaren Kilker bat autopistan lanean, asteasuarrak Euskadi Irratiko Faktoria saioan azken urteotan egindako parte-har-tzeak bildu ditu, inguratzen gaituzten errealitateen inguruko hausnarketarako tartea eskainiz. Joseba Sarrionandia ere ezin zen faltatu Pamielaren ekarpenen artean. Habanako gaukaria trilogiaren hirugarren eta azken lana, Gauzak direnak balira, “literaturaren bidezko itzartasun ariketa” definitu du argitaletxeak. Eleberri beltzetik edo misteriozko eleberritik hurbil kokatzen den Luis Garderen Aireportuko musika lana ere nabarmentzekoa da helduentzako narrazio lanen artean.

Baina ez da hor agortuko Pamielaren uzta. Poesia sailean zer aukeratu izanen du erosleak, tartean Jose Angel Irigarayren Isiltasunaz hunatago, Ixiar Rozasen Unisonoa, Eric Dicharryren Eros eta Jon Gerediagaren Natura berriak. Lan berezienen artean, Antton Valverdek musikatu duen bost egileren Hitzak hots poema liburua, Arantxa Urretabizkaia, Miren Agur Meabe, Itxaro Borda, Tere Irastortza eta Jule Goikoetxea egileen lanekin osatu dena.

Katakrak argitaletxeari dagokionez, urte hasieran aurkeztu zituen Silvia Federiciren Kapitalimoa eta emakumeen aurkako indarkeria saiakera eta Manuel Tiagoren Bost egun, bost gau eleberriaz gain, azken hilabeteotan plazaratu berri dituen lan berriak ere eraman ditu Durangora. Beppe Fenoglio italiarraren euskaratutako lehenengo lana tartean, Kontu pribatu bat, “partisanoen literatura” deitu izan denaren lan berezienetako bat. Honekin batera, beste bi saiakera liburu: alde batetik, XVIII-XIX mendeen artean bizi izan zen Louise Michel anarkista eta feministaren Herbesteko gutunak Victor Hugori; eta Ameriketako indigenen erresistentziaren historian murgiltzen den Nick Estes Lower Brule Sioux tribuko kidearen saiakera, Gure historia da etorkizuna.

Itzulpengintzaz ari bagara, ezin dugu baztertu Igela argitaletxe nafarrak egiten duen lan oparoa. Aurten ere misterio eta genero beltzaren lanik erranguratsuenak euskarara ekarri ditu eta Durangon aurkituko dira. Nabarmen-tzekoak Ingalaterrako “hilketaren erregina” deitu izan zaion Agatha Christieren Hilketa lokartua eleberria, Xabier Aristegietak itzulia; Arthur Conan Doyleren klasiko handiena den Sherlock Holmesen abenturak, Fernando Reyk itzuli eta Adur Larreak ilustratu duena; eta Alessandro Barico italiarraren Odolik gabe eleberri beltza.

Txikienek ere izanen dute non aukeratu Nafarroako argitaletxeen proposamenen artean. Pamielak eramanen dituen lan sortaz gain, Denonartean etxeak ere eskaintza zabala izanen du. Ez da faltako Olga de Diosen azken lana, Munstro urdina, 4 urtetik gorako irakurleentzat. Beste aukeren artean, Jokin Mitxelena eta Pello Añorgaren Mari Txiki Supermekatuan edota Xabier Lete ttiki, Mitxelena berak Antton Kazabonekin batera sortutakoa. 10 urtetik gorakoentzako eskaintzaren artean, nabarmentzekoa da Juan Kruz Igerabidek eta Elena Odriozolak elkarlanean sortutako lan berria, Euskal Herrietako laminen ipuinak; edota Kazabon eta Mitxelenaren beste lan bat, Burnizko potoa.

Durangoko Azokako lehenengo edizio digitalean, hartara, adin eta gustu guztietako irakurleek izanen dute non aukeratu.